2015(e)ko irailaren 23(a), asteazkena

Argi Hizkiak lehiaketan saritxoa lortu dugu

Oraingo honetan, beste norbaitek esan digu idatzi duguna ona dela, norbaitek atsegin izan duela. Biok lehiaketa batean parte hartu, eta biok saritxo bat eskuratzea, ez da kasualitatea edo bai? Akaso Blog honek beste bultzadaren bat beharko luke.

Hemen duzue lortu dugunaren informazioa.

http://www.egizu.eus/literatura/argi-hizkiak/

Lasterrarte!!!



2015(e)ko apirilaren 24(a), ostirala

Ilargiaren itzaletan

    -  Ondoloin!
    - Ondo loin!

Haurra nintzenean amak oinarekin mugitzen zuen sehaska bailitzan dabil ilargia. Dilin dalan. Dilin dalan. Begiak itxita ikusi nahi ote nau? Ez daukat ez dilin ezta dalanen beharrik horretarako. Luzea izan da eguna, beste behin. Motza astea, beste behin. Ametsetan igaro dut eguna, joango ote den pentsaketan, benetako ametsaren zain. Agian hori izango da arrazoia. Agian horregatik nahiko nau lo ilargiak.

Gaurkoan amets politean murgilduko nauela esan dit dilin eta dalan artean ahopeka. Merezita dudala ere esan dit keinu txikiaz. Beno, hori ulertu diot nik behintzat. Agian arrosa artean esnatuko naiz, Jordi zaldunak lurrean utzi duen dragoiaren alboan. Bai, jada iritsi zait usaina. Sarkorra da, gozoa. Biriken azken milimetroa ere leunki laztandu dit. Iritsi da, hemen noa, hor nago.


       
- Ondo loin.
- Ondoloin.

2014(e)ko abuztuaren 2(a), larunbata

Izarrei begira

Malkoak
Nekeak
Maiteak.
Zergatik negar, hain polita denean irria.
Gutun bat jaso nahiko nuke urrutira bidaiatu ahal izateko, hain urrun non ezingo dudan atzera begiratu, non beldurrak ere ezingo nauten jarraitu.
Zaharrak
Ikarak
Laztanak.
Jakin gabe besarkadek oihartzunak dituztela, garrasika nabil.
Marraztu nahiko nuke hondartzetako hondar zuritan, jakinik itsasoak ezabatuko duela, berarekin eramanez arduraren zama hutsala.
Zatarrak
Beldurrak
Gerrak.
Ugertu diren masailak, agurtu gabe desegiten diren  lainoak.

Esna jarrai nahiko nuke ametsak ez hiltzeko,  eraiki daitezkeen amets oro ortzi beltzean dira,  inoiz ez naiz aspertu izarrei begira.


2014(e)ko ekainaren 18(a), asteazkena

Hormak maite ditut

Irudiek hitzegin dezakete. Tamalez, ez da askotan esan nahi den dena irudi batean sartzen. Pasaia bat, pertsona baten sentimenduak, ezin dira irudietan oro jaso. Aldiz, unearen isladatxo bat jaso dezakegu. Uneak batzen joan gaitezke, oroitzapenak biltzen doaz, irudiak gehitzen doazen einean.


Eta, hona egin nauena, hormak igotzeko gaitasuna, berak eman dit askotasunaren jarraitzaile sutsu izateko bidea. Atsegin dut, ez agertzea argazkietan dena, eta berriro bertara joan behar izatea. Baina baita ere, atsegin dut, argazki batek oroitzapenak ekartzea, izandakoak. Oraindik amets asko ditut beteko ditudanak.






Aldapan gora igotzean sortzen zaidan nekea gustoko dut. Bihotza taupada ozenez entzutea, bizirik nago. Haizeak usain garbiak dakartza, hormen artean, lainoen gainean edo azpian. Beldurrak gainditzeko behar bat sortzen zait barnen, erronka.


2014(e)ko ekainaren 17(a), asteartea

Hegoka hegan
















Bero dela esan dit irratiak. Nik ez dut halakorik sentitzen. Itzalak eguzkiarengandik babesten nau. Haizeak, astiro, aurpegia leunki laztantzen dit.


Ingurura begiratu dut. Ohiko paisaia honetan ez ohikoaren bila hasi naiz. Begiratu eta begiratu, bilatu eta bilatu. Aurkitu ez arren, egunero bezala, zortedun sentitu naiz.




 Begiak irekitzean ikusten dudanera ohituta egotea normala omen da. Nik uste dut inoiz ohituko  enaizen zerbait dudala begi aurrean. Ikusten dudana ez dagoela jende askoren eskutan ulertu dut. Edo agian, nire eskutan dagoena nirea bakarrik dela sentitu dut.
 



Gaur zerura gerturatzen gaituzten gailur horiek askatasuna dirudite. Inoiz, ordea, zeharka beharreko horma altuak direla sentitu izan dut. Auskalo, agian bertako haizeak maiterkiro laztantzen nauenean hormek zeharka ezinak izateari utziko diote. Agian, egunen batean amets horietara gerturatuko naute.








2014(e)ko apirilaren 16(a), asteazkena

Oporretan daude.





Mendia, hondartza, aireportuak, batzuk zorte gutxiagoz autobusa, urrun, bertan, gelditu gabe, deskantsatzen, ihes egiten, maite dituztenekin elkartzen…

Gaurko eguna, beste asko bezalakoa izan da. Eguzkitsua eta luzea. Gaurko afaria, beste askotan bezalakoa izan da. Buka ezina eta goxoa. Gaur, beste askotan bezala, egun amaieran eguna amaitu dela pentsatu dut. Bainua prestatu dut. Arropak erantzi ditut. Eta behatz puntak tenperatura berotik apurtxo bat pasatzen dela gogorarazi dit. Niri gustatzen zaidan bezala erantzun dit irribarre batez ispiluak. Oinak. Ipurdia. Gero, belaunak. Apurka apurka, zilborra. Titiak. Ilea eta lepoa. Lagun beti bezala. Ezpainak. Sudurra. Betileak eta segidan begiak. Hauek ere banaezinak. Kopetak beretzat lekurik izango ez ote duen duda mudan ibili ondoren, beste guztiei jarraitu die. Eta orduan iritsi dira belarrietara egun hauetan ikusitako hitz guztiak…

Mendia, hondartza, aireportuak, batzuk zorte gutxiagoz autobusa, urrun, bertan, gelditu gabe, deskantsatzen, ihes egiten, maite dituztenekin elkartzen…

Ozen iritsi dira. Mila ahotsetan. Hizkuntza desberdinetan. Irribarrez beterik.

Bai, hiru hilabete eta erdi badira dagoeneko itzuli nintzela. Hitz horiek guztiek errepikatu didate hau. Oporrak diote. Oporrak, berriro. Non zaudete? Iristen dira belarrietara. Apurka apurka. Burutik igaro ondoren, bihotzari iristen zaizkio. Eta honek begiei ematen die aukera erantzuteko. Non zaudete? Eta bidea berbera da, erantzuna berdina.

Egunek hegaka dihardute oraindik. Azkarrago joan al litekeen galdegiten diet nik hala ere. Oporrak diozuen guztiontzat ulergaitza izan arren, nik galderaka jarraituko diet.   


Belarriak entzutea utzi nahi omen dute. Begiek ere ikusteari uko egin nahian dabiltza. Birikek gabeziaren bat ere badute. Guztia azkarragoa izan da oraingoan. Burua, lepoak jarraikiz. Besoak. Eta ipurdia. Behatz puntak, kanpoko hoztasunaz berri eman aurretik guztiz tapatu naiz. Beraz, nola jakin zer pasatzen den hor kanpoan?

2014(e)ko martxoaren 24(a), astelehena

Etorri da. Etorri dira.

Arnas erritmikoa amaitu da. Kantabriako itsasertzeko egonaldia ere amaitu zait. Baina, ez dauzkat begiak ireki beharrik, eguna ere esnatu dela sentitzeko. Horrela jarraitu dut une batez.Umeak entzuten ditut. Agian Alec ek autoa lapurtuko zion txikiari. Ziurrenik kolpetxoren bat jasoko zuen sari moduan... Haurrak…
Hala ere, urrunago beste soinutxo batzuk entzuten ditut. Txio txio dio norbaitek. Txrrr txrr erantzuten dio beste norbaitek. Arnasa hartu dut eta mila aroma ezberdinek hartu dute nire biriketarako bidea. Eguzkia ere sentitzen dut nire gorputz biluzian. Ederra da gaur goiza.

Begiak zabaldu ditut. Orain ulertzen dut, sekretua oihukatu dit  egutegiak. Martxoak 21a dela kontatu dit. Iritsi omen da udaberria. Udaberria. Honenbeste esaeren guraso, hainbeste ipuinen gotorleku. Hainbat amodio istorioren hasiera, beste askoren amaiera puntu. Batzuentzat epeltasunaren eta maitasunaren urtaroa omen da, besteentzat, aldiz, udarara iristeko aldapa amai gabea. Ni bigarren talde honen aldeko izendatu naiz bizitza osoan. Agian, eskolako azken txanpa hau gogorra izaten delako. Edo beharbada, maitasuna nirekin bat ez datorren zerbait dela uste izan dudalako. Auskalo. Hala ere ezin esan oso garai gogokoa izan dudanik hau.

Baina, orain, iritsi da udaberria. Eta irribarrea ekarri du berarekin bidai lagun. Oroitzapenak ere maletan sarturik dituela eta, hor oroitu naiz soineko berria jantzi eta Loiolako bidea egin nuen egun huraz. Baita, Zumaiako hondartzan eguzkia ezkutatzen ikusi nuenekoa. Eta nola ahantzi, igandeko entrenamentu ondoren futbol zelaian zuekin igarotako momentuak. Gogoan dut nola balkoiko sofan etzan eta irakurtzen nuen. Baita patinak jantzi eta tirrist tarrast ibili izan ginela. Oroitzapenak, eguzkia, irribarrea, zoriona. Balio berri bat hartu dit aurten udaberriak. Eta, gogoko dut!


Etorri da. Etorri dira. Mila kolore, mila usain, mila sentipen… baina batez ere, mila irribarre.